Keixetak Izotz Ertzak ekarri ditu tTok-era
2020eko Irailaren 16a
29 obra: 20 formatu handi eta ttipiko margolan eta 9 zeramikazko eskulturak ekarri ditu Zumaiako artistak
Izotz ertzak da Keixeta-k (Txiki Agirre Keixeta, 1963, Arroa) aurkezten duen obra sortaren izenburua, eta bertan batez ere azken hilabeteetan egindako lanak daude ikusgai Uztaritzen, tTok arte lekuan, azaroaren 2ra arte.
Azpimarragarria da azken urteetan zeramika piezek hartu duten protagonismoa. Erabiltzen dituen pasta eta teknika desberdinek pintura eta zeramikaren artean harremanak sortu ditu, bata bestearen lagungarri eta era berean independente egonez.
Jakinean gara azken hamarkadetan naturarekiko eta, oro har, bizi garen planetarekiko gizakiaren arduragabekeriak aldaketa klimatikoa dakarrela, izotz mendien urtzea eta desegitea denean adierazle ikusgarrienetako bat.
Izotz mendiak oinarritzat harturik, aurtengo udaberrian, konfinamenduan sorturiko margo eta portzelanazko zein zeramikazko eskulturak dira Keixetak aurkezten dizkigun obrak. Materialak eskaintzen dituen baliabide plastikoak erabiliz (zuritasuna, hauskortasuna, gardentasuna), eta bere ohiko forma tubularren bitartez, pitzadurak eta hausturak behartzen dizkie eskulturei, itxura iragankorra emanez.
Deigarriak dira zeramikazko buruak, plazara begira, isolamendu garaian denok sentitu ditugun beldurra eta kezka adierazten dutenean. Era berean kokapenak eta kopuruak egunero hain presente ditugun "distantzia eta maskarak" gogorarazten dizkigu.
Formatu handi eta ertaineko koadroak multzoka kokatzen dira, erakusketa aretoaren neurriei egokituta.
Margoetan gai nagusia itxura organikoa duten isla edo planetatxoak dira, bizitza berri baten fikziozko esperantza…
Artista lotua