Mikel Dalbret

Tarteka eta zaletasunez, Mikele Dalbret-ek (Susa, Tunisia, 1941) igandeetan eta astirik zuen guztietan margotzen zuen. Baina azkenean, zaletasuna nagusitu zen, eta Parisen, Vandervinck maisuarekin margo zaharren berrikuntzarako ikasketak egin zituen. Anartean, berezko sorkuntza lantzen eta garatzen segitu zuen. 1977an izan zuen lehen erakusketa pertsonala. Handik goiti erabateko margolaria izatea erabaki zuen. Urte berean ingeniaritza lana utzi bazuen ere, 1985. urtera arte margo zaharren berritze-lanetan jarraitu zuen, berritze eta sortze lanak txandatuz.

Dena den, berritze-lanetan aritze horrek ez zuen Mikel gogobetetzen, bere barruan zituen kezkak eta gogoetak plazaratzeko askatasuna behar zuela sumatzen baitzuen, eta azkenean, 1985. urte berean bi erabaki handi hartu zituen. Erabaki horiek Mikel Dalbreten bizitza dute guztiz baldintzatu eta bideratu orduz geroztik. Euskal Herrira etorri zen eta Miarritzeko Jules Ferry karrikako seigarren zenbakian, Bortayre familia arno saltzailearen arno-soto izandakoa erosi zuen. Dalbretek erosi zuenean garaje gisa erabiltzen zen. Hortik aitzina hura izan zen bere loft-a edo margolari-habia. 1989an euskara ikasteari ekin zion. Horretarako bi irakasle izan zituen: Maddi Larraburu irisarritarra eta Serge Betelu biarriztarra. Azken hori Betti Beteluren semea da. Betti Beteluk ikaragarri lan handia egin zuen Lapurdiko inauteria eta dantza-jauziak berpizten. Gaur Lapurdin den euskal folklorearen berpiztea berari zor zaio neurri handi batean.

Betti Betelu 1991n hil zen eta ehorzketa bere herrian egin zioten, Arrangoitzen, eta hara joan zen Mikel Dalbret. Ehorzketa hildakoaren neurriko omenaldia izan zen. Neska-mutil gazteek, kaskarotaz jantzirik, hainbat dantza eman zuten eliza barruan. Neska dantzarien janzkerak Mikel txunditu zuen. Zuriz jantziak, loreak ileetan…, Mikelen baitan zirrara handia sortu zuten. Aurreskua dantzatu ondoren txalaparta jo zuten. Elizatik ateratzean, hilkutxa herriko plaza erdian jarri zuten eta bozgorailu bat, Betti zendu berriaren ahotsaz, dantza-jauzietako urratsak ematen hasi zen. Serge hilkutxaren inguruan dantzan hasi zen, eta gero, gainerako senideak eta adiskideak. Bizipen horrek erabaki sendoa sortu zuen Mikel Dalbretengan, egiazko euskalduna izan behar zuen hortik aurrera. Eta horrela izan zen, euskaraz ikasi eta orduz geroztik bere margolanak euskal nortasunean oinarritu baititu.

Mikel Dalbret surrealismoaren semea da eta bere obrak zama sinbolista handia dauka. Bilduma edo multzoak egitea maite du, eta horietan kode ezkutuak erabiltzen ditu. Titulua beti euskaraz, eta ikurrak edota gure historiaren edota folklorearen pertsonaiak edo ezaugarriak agerian izaten dira. Jurge Oteiza eta Nestor Bazterretxea zizelkariek eragin handia izan dute Dalbreten norabidean. Aita Marzel Etxandik azaldu zion biribilaren garrantzia euskaldunen iruditerian eta aurre-historiatik datorren kontua dela garbi erakutsi. Eta horixe da margolari honen tinduretan ikusten dena, etengabeko biribilak, baina baita forma karratuak ere. Hortxe dago euskal herritar zizelkarien kubismoaren eragina.

Mikelen etengabeko bilakaerak Sarara eraman zuen gero, eta Omordiako auzoan, plazatik hurbil, lokal handi bat alokatu zuen, hainbat urtetan bere etxe eta lantegia izan zena. Saratik Zugarramurdira joan zen gero. Zugarramurdiko mendi aldean, Etxalarko bidean, borda bat erosi eta lantegi berria eraiki zuen. Hango bakardadean, urte luzez, koadroak pintatu zituen. Oparotasun handiko urteak izan ziren. Mikel eritu zelarik, ordea, borda saldu behar izan zuen. Zugarramurditik Ziburura igaro zen, eta 2008tik herri hartan den Maite Zaitut etxean du bere lantegia.

(iturria: wikipedia)

Artista honi loturik

Mikel DALBRET intimitatean

Gure Irratiko Olatz Idoatek Mikel Dalbret elkarrizketatu du. tTok arte lekuan 2021ko urtarrilaren 6tik apirilaren 2a bitartean jarri duen erakusketa "Intimistaz" eta bere historiaz ari zaigu.

2021eko Martxoaren 5a

Mikel
avatar

Mikel Dalbret

Harremana


tTok - Joaniskobaita, Purguko kurutzeko plaza - 64480 Uztaritze (Lapurdi - EH)
+33 (0) 601 980 024 | +33 (0) 559 930 561